Errima ehiztariak taldea nagusitu da azken kanporaketan

2023/11/15
Bertsolari Gazteen XXXI. BBK Sariketako azken kanporaketa jokatu da gaur goizean Zornotzako Andra Mari Ikastolan. Talde irabazlea Mungiako finalaurrekora sailkatu da, azaroaren 22an.

Lehen lau saioak jokatuta, XXXI. Gazteen BBK Sariketak amaitu du kanporaketen fasea. Laugarren eta azkena Zornotzan izan da, gaur goizean, Andra Mari Ikastolan. Bertan, sariketan lehen aldiz, hiru talde ibili dira kantuan: Poto maitaleak, Iurretaren su etenetik eta Errima ehiztariak. 

Talde horietan bertsolari hauek abestu dute:

  • Poto maitaleak: Iradi Barrenetxea (Artea) eta Iraia Lauzirika (Zornotza)

  • Iurretaren su etenetik: Garazi Uriarte (Berriz), Kelmene Abaitua (Berriz) eta Naroa Jaio (Iurreta)

  • Errima ehiztariak: Naroa Iturrioz (Zornotza), Enara Gallastegi (Dima) eta Haizea Telleria (Bilbo)

Gai-jartzaile lanetan Xabier Irakulis ibili da. Epaileak, ostera, Ander Elortegi, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristi izan dira. Epaileen idazkari Maria Ortega ibili da.

Datozen saioak

Kanporaketak amaitzearekin batera, finalaurrekoen fasea heldu da. Datorren astelehenean izango da lehenengoa, Getxoko Getxo Elkartegian, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Sagutxo kaskarinak eta Txori kantari taldeak arituko dira. Bigarren finalaurrekoa Mungian izango da, Torrebillela kultur etxean, azaroaren 22an. Bertan, gaurko saioko irabazlea, Errima ehiztariak, eta Zallako Anitzak arituko dira bertsotan gaztetxoen mailan.

Nagusienean, ostera, Sasemorenak, Pello Joxepak eta Bilboko Bertsolari Koittauak izango dira parte hartzaileak Getxoko finalaurrekoan; Izaron hautsak, Kristiñauen Justozieruek eta Ba...Learen bertsoak taldeak arituko dira Mungian.